Epilepsia gizakiak bezain ibilbide luzea duen gaixotasuna da. Herri primitiboetan, gaitza jainkoen zigortzat jotzen zen edo deabrutze-kasutzat.
Epilepsia terminoa. Greziarrak izan ziren epilepsia lehendabizikoz gaixotasun fisikotzat jo zutenak. Hipokratesek, Medikuntza modernoaren aitak (Kristo aurreko 460. urtea), zioen epilepsia ez dela beste edozein gaixotasun baino jainkotiarragoa edo sakratuagoa, eta jatorri naturala duela eta garunean kokatzen dela.
XIX. mendearen amaieran hasi zen epilepsiaren aro modernoa. John Hungling Jackson neurologo ingelesak oraindik ere indarrean dagoen epilepsiaren lehen definizioa eman zuen 1873an: “Garuneko zelulen bat-bateko eta neurriz gaineko deskarga azkarra”.
1912an komertzializatu ziren epilepsiaren kontrako lehen botikak eta, urte batzuk geroago, 1929an, Hans Bergerrek lehenengo entzefalograma erregistratu zuen paperean.
Gaixotasun neurologiko kroniko hau herritarren %1ek du.
Epilepsiak 100.000 biztanletik 650 kasu ditu urtean eta Espainian maizen agertzen den hirugarren gaixotasun neurologikoa da, migraina eta traumatismo kraneoentzefalikoaren atzetik. Gaur egun ditugun estatistiken arabera, Espainian 400.000 dira gaixotasun neurologiko kroniko hau dutenak eta urtero 20.000 gehiago azaltzen dira. Munduan epilepsia duten 50 milioi pertsona dagoela baloratzen da.
Gaixotasun neurologiko hau ez da kutsakorra eta ez da beste ezein gaixotasunen edo adimen-atzeratasunaren ondorio, garai batean hala uste izan bazuten ere. Epilepsiak ez du aurreiritzirik: edozeinek izan dezake, edozein dela ere bere adina, sexua, arraza edo gizarte-maila. Edonola ere, adituen arabera, norbaitek epilepsia duela esateko, gutxienez ere bi krisi bizi behar izan ditu.
Bereizkeria
Espezialistek diotenez, gaixotasuna ez ezagutzearen ondorioz, gaixo askok bereizkeria eta gizarte-estigma jasaten dute. Gehienei, “epilepsia” hitza entzutean, konortea galdu eta lurrera erortzen den, maskuriaren kontrolik ez duen eta lerdea darion pertsonaren irudia datorkie gogora. Alabaina, halako krisia, krisi konbultsibo orokortua alegia, epilepsia mota bat baino ez da eta mota bakoitzak bere sintoma-multzoa du.
Oso gutxi izan dira, Fedor Dostoievski jenioak literaturan egin zuen bezala, gaixotasun bati hain gorazarre handia egin diotenak. Idazle errusiarrak 25 urtetik zuen epilepsia antza eta gutxienez ere zazpi lanetako pertsonaiek zuten gaixotasun hori. Ezagunena Myshkin printzea da, 1868. eta 1869. urteetan idatzitako “Ergela” laneko protagonista. Testua idazleak duen lanik autobiografikoena da gainera. Tratamendurik jaso ezin duen epilepsia gaixo baten egoera kontatzen du bertan. Dostoievski ez zegoen deabruak hartuta eta ez zen aldartetsua; aitzitik, bere bizitzan eta lanean ondoan izan zuen mitifikatutako gaixotasun honen sintomak deskribatzen dituen literatur ondare handia utzi zigun. Bere lanean, profesional eta gaixo askoren iritziz, idazle errusiarraren hitzek oso ondo erakusten dute krisi epileptiko baten aurretiko sentimenduak zein diren. Halaxe dio
"Une hark segundo erdia iraun zuen segur aski. Haatik, printzeak argi eta garbi gogoratu zuen hasiera, bularretik, bakar-bakarrik eta horren aurka ezer egiterik izan gabe, atera zitzaion oihu izugarriaren lehen hotsa. Gero, bere kontzientzia itzali egin zen bat-batean eta iluntasuna erabatekoa bihurtu zen".
Epilepsia izatea ez da sekula arrakasta izateko oztopo izan.
Asko izan dira historian epilepsia izan duten idazle, zientzialari, artista eta mundu mailako buruzagi ospetsuak.
Hala nola:
Napoleon Bonaparte, Ludwig van Beethoven, Isaac Newton, Alejandro Magno, Agatha Christie, Fedor Dostoievski, Vincent Van Gogh, Julio Zesar, Alfred Nobel, Dante Alighieri, Sir Walter Scott, Jonathan Swift, Lewis Carroll, Lev Tolstoi, Handel, Paganini, Txaikovski eta beste asko...