Txoko hau AGE elkartera hurbiltzen diren interesatuek eta hitzaldietara bertaratutakoek egin ohi dituzten galdera arruntenak erantzuteko baliatuko dugu. Sortzen zaizkizun zalantzen erreferentziak aurkituko dituzu bertan eta zure zalantzak hona helarazteko aukera ere izango duzu profesional batek erantzun ditzan.
Printzipio aktiboaren eta marka originalaren biobaliokideen izendapenaz saltzen den medikamentuari esaten zaio sendagai generiko. Beraz, osaera eta biodisponibilitate bera dute biek. Generikoak originalak bezain eraginkorrak eta seguruak dira eta merkeagoak dira ikerkuntza-gasturik eta publizitate-gasturik ez dutelako. Izan ere, Administrazioak merkaturatzeko ez die ikerketarik eskatzen. Generiko batekin hasi ostean, tratamendua beti marka berberarekin jarraitzea komeni da.
Sendagaien hartualdiak antolatuta izatea eta gutxi gorabehera ordu berean hartzea komeni da. Hala ere, onargarria da aurreikusita duzun ordua baino ordubete lehenago edo beranduago hartzea. Hartualdi bat ahaztekotan, ez da komeni hurrengo hartualdian bi dosi hartzea. Laster konturatzen bagara sendagaia hartzea ahaztu zaigula, hobe da orduan hartzea nahiz eta berandu izan, ez bada hurrengo dosia ordu gutxi barru dagokigula. Sendagai gehiegi hartzearen ondorioz, zorabio edo logale iragankorrak jasan daitezke, baina okerragoa da ez hartzea, krisia izateko arriskua handitu egiten delako. Pilula hartu den ala ez argi izateko, sendagaiak hartualdi bakoitzerako atal bana duen pilula-kaxa batean antolatzea da onena. Hartara, atal bakoitzetik pilula hartu eta erraza da gero sendagaia hartu den ala ez egiaztatzea. Informazioa duen pazientea betetzaileagoa izaten da. Sendagaiak nola izena duen, zenbatean behin hartu behar duen eta elikagaiekin batera ala ez hartu behar duen jakin behar du. Botiken kaxako erabilera-orrian bertan dugu horren berri eta paziente bakoitzak aztertu beharreko zerbait da. Erabilera-orriek albo-ondorio askoren informazioa ematen dute. Ez pentsa, ordea, horiek guztiak izango dituzunik, inola ere ez. Galdetu zalantzak medikuari.
Epilepsia duen pertsonak edozein antisorgailu erabil dezake. Langa metodoak, hileko zikloaren kalkuluak eta antisorgailu hormonalak hartzen ditu barne. Metodo hormonalak dira emakume gehienentzat eraginkorrenak (% 3ko porrota lehenengo urtean), nahiz eta epilepsia duen emakumearen kasuan, porroten kopurua %6ra igo daitekeen. Botika batzuk beste batzuk baino gehiago nahasten dira tratamendu hormonalekin. Medikuari informazioa eman behar diozu eta hark emakume bakoitzarentzat aproposena zer den erabakiko du.
Espainiako legediaren arabera, epilepsia aktiboa dutenek ezin dituzte ibilgailu motordunak gidatu azken urtean krisialdiren bat izan badute. Gidabaimena lortzeko, osasun-azterketak egiteko zentroan neurologoak igorritako aldeko txosten bat aurkeztu behar duzu halako egoeran zaudela egiaztatzeko. Gai zarela jotzekotan, gidabaimena emango dizute ohikoa baino aldi laburrago baterako. Gidabaimen profesionalak askoz ere araudi murriztaileagoa bete behar du.
Lo-gabeziaren, loaren erritmoa aldatzearen, estresaren edo alkohola hartzearen ondorioz, krisiak errazago gerta daitezke. Organismoarentzat mesedegarria da egunean zortzi orduko loa etenik gabe egitea. Gomendagarria da loaldi ordenatuak egitea eta, adinaren arabera, atsedenerako nahikoa ordu lo egitea, 7 eta 10 ordu bitartean. Loak nabarmenago eragiten dio Epilepsia Orokortua duten pertsonari.
Epilepsia duen ikaslearen errendimendua normala izan daiteke edo batezbestekoaren gainetik egon daiteke garuneko beste erasanik ez badago, askotan gertatzen denez. Sindrome batzuek eragina dute errendimenduan, oharkabean doazen krisialdiak maiz gertatzen badira, haurtzaroko absentzia epilepsian adibidez. Botikek ere eragiten diete batzuetan arretari eta oroimenari. Garrantzitsua da, tratamendu berri batekin hastean, gai horri arretaz begiratzea eta medikuari jakinaraztea, albo-ondorio honi lotuta, onura-maila ebaluatu ahal izateko. Gainerakoan, ikasleari besteei bezain beste eskatu behar zaio, gehiegi babestu gabe. Ezinbestekoa da irakasleari ikasleak egin dezakeenaren eta egin behar duenaren berri ematea eta baita ezin duenari buruz ere, nahiz eta oztopoak urriak eta zehatzak izan. Hartara, arriskuak ez ezik, estigmatizazioa ere ekidingo dira.
Epilepsia baduzu ez duzu alkoholik edan behar. Alkoholak krisia gertatzeko aukerak areagotzen ditu. Alkohola edateak krisialdien maiztasuna areago dezake, neuronen kitzikagaitasuna handitzen baitu eta hortaz, konbultsioak izateko beharrezko baldintzak errazago gertatzen direlako. Bestela esanda: alkoholak kortexaren kitzikagaitasunaren “atalasea” txikiagotzen du. Lo fisiologikoaren patroia aldatu egiten da (krisi epileptikoak eragiten dituen faktore ezagunetako bat hain zuzen). Alkoholak epilepsiaren aurkako sendagaiari eragiten dio: ez dio zenbaitetan bere eginkizuna betetzen uzten eta albo-ondorioak areagotzen ditu.
Horixe da 2015ean epilepsia duen jende askok bizi duen arazoa. Epilepsiak beldurra ematen du; izan ere, Aristotelesek esan zuen bezala, izana izena da eta izena izana, eta norbanakoak izena galtzen duenean izana galtzen du. Jendeak alde egiten du normalean norbait bizpahiru aldiz deskonektatzen denean. Halaber, epilepsiak garai historiko asko bizi izan ditu, baina beti izan du halako kutsu sakratu bat eta, egia esan, ez da batere erraza jainkoek ukituta dagoena gizarteratzea. Julio Zesar jainkoen gaitzagatik zen epileptikoa; Erdi Aroan, hara non eta emakumeak ziren epilepsia zutenak eta erre egiten zituzten sorginak zirelakoan: Joana Arkekoak adibide bat baino ez da. Epilepsia zuten gizonak deabruak hartutako jeneralak ziren eta emakumeak, aldiz, santuak edo sorginak. Hipokratesek berak esan zuen garuneko gaitza zela, baina gaur oraindik ere askok burutik jota egotea dela uste dute. Diskriminaziorik handiena lan-munduan bizi dute; ez dute epilepsia duelako kaleratzen konstituzioaren aurka doalako, baina beste arrazoi batzuk erabiltzen dituzte. Gaixotasuna ezezaguna dutenez, jendeak oker jokatzen du; orobat, gaixo batzuek ez dute epilepsia dutela onartzen eta ondorioz, ingurukoek ere ez dute pertsona hori behar bezala onartzen.
Lehenengo urratsa familiako medikuarengana joatea da. Espezialistarengana joateko beharrezko txostenak izapidetzen hasiko da. Familiako medikuarenetik psikologo edo psikiatrarengana bideratzea ez da hilabete baino luzeago hartzen duen zerbait. Larrialdietan, bi egun-edo. Osakidetzaren Estaldura buruan dago Espainian eta Europaren atzetik.
Epilepsia duten pertsonek sarritan egin behar izaten diote arazo horri aurre, lanean epilepsia dutela esan edo ez esan. Erabakia hartzeko, pertsona bakoitzak ongi pentsatu behar du lanean epilepsia duela kontatzearen abantailak eta desabantailak zein diren.
Sendagaiak hartzea beharrezkoa den gaixotasun kronikorik baduzu, orain arte gaixotasuna kontrolatu duen medikuari galdetu beharko diozu ea sendagaia hartzeari utzi behar diozun ala dosi txikiagoan hartu behar duzun. Epilepsia edo odol-presio altua baduzu eta gaitz horietarako tratamendua jasotzen baduzu, medikuari galdetu beharko diozu aldez aurretik ea arriskurik gabeko epeko haurdunaldi normala izan dezakezun; izan ere, printzipioz, halakoetan, kendu egiten da medikazioa nahiz eta horrek beste arrisku batzuk dakartzan.
Kirolaren onurez gain, kirola egitea ere mesedegarria izan daiteke autoestimua handitzeko, oreka hobetzeko, tonu muskularra areagotzeko, kontzentrazioa hobetzeko eta, batez ere, parekoen artean gizarteratuta sentitzeko. Epilepsia duen pertsonarentzat kirolik aproposenak taldeko kirolak dira. Kirol batzuetan, igeriketan adibidez, beharrezkoa da hainbat neurri hartzea, bereziki gaixoak krisialdiak erabat kontrolatuta ez baditu; esate baterako, igeri egiten dakien jendearen ondoan igeri egitea, hainbat pertsonaren artean atera beharko baitute krisialdia izaten badu.
Bizitza osoan, nahiz eta haurtzaroan, nerabezaroan eta helduaroan nabarmentzen den gehienbat. Epileptikoen %75 ingururi haien bizitzaren lehen bi hamarraldietan hasten zaie arazoa; hori hala gertatzen da garun heldugabeak erraztasun handiagoa duelako ohiz kanpoko deskargak sortzeko. Urteak bete ahala, krisialdien maiztasunak behera egiten du.
Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Juan Bautista Espinal neurologoak erantzundako galderak dira hauek.
Beste zalantzarik baduzu edo esperientziarik partekatu nahi baduzu, jo ezazu gure medikuarengana.