Nola tratatu

Hasiera  › Epilepsia  › Tratamendua

Sendagaiak

Tratamenduak zenbait alderdi hartzen ditu barne. Baina argi izan behar dugu, oraindik behintzat, epilepsiak ez duela sendabiderik. Sendagaiek ez dute epilepsia sendatzen penizilinak infekzio bat sendatzen duen modu berean. Epilepsia duten askorentzat, ordea, sendagaiak, erregulartasunez hartuz gero, krisialdiak prebenitzen ditu. Alabaina, sendagai bidezko terapiak arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da gaixoak modu aktiboan parte hartzea.

Krisi eta sindrome epileptikoaren diagnostiko zehatza egitea funtsezkoa da eraginkorra den tratamendua aukeratzeko. Epilepsia tratatzeko hainbat modu dago. Alde handiz, gehien erabiltzen direnak tratamendu farmakologikoak dira eta horiei esker, epilepsia duten gaixoen %80k krisiak kontrolatzea lortzen du. Hala ere, %20k tratamenduarekiko “immuneak” edo “menderakaitzak” diren krisiak izaten jarraitzen dute. Beste batzuek ez dute apenas krisirik, baina, albo-ondorioek eguneroko bizimoduari eragiten dietela-eta, sendagaiak hartzeari utzi nahi izaten diote

Berariazko sendagaiak

Epilepsiaren aurkako sendagai gehienak ahotik hartzen dira. Sendagaia pertsonak bizi duen epilepsia motaren araberakoa da. Jendeak hainbat modutara erantzuten dio epilepsiaren aurkako sendagai bidezko tratamenduei. Batzuek albo-ondorioak izaten dituzte eta beste batzuek ez. Batzuei krisialdiak eten egiten zaizkie eta beste batzuei, aldiz, gutxitu bakarrik. Gakoa da pertsona bakoitzarentzat sendagai aproposa eta dosi zehatza aurkitzea.

Medikuak

Epilepsiaren tratamenduan parte hartzen duten medikuak medikuntzako hainbat eremutatik datoz. Besteak beste, neurologoak, neurofisiologoak, pediatriako neurologoak, barne-medikuntzako medikuak, familiako medikuak eta neurokirurgialariak kirurgia behar duen tratamendurik balego.

Epilepsia tratatzeko zainketa espezializatua edo intentsiboa behar dutenek gaixotasunerako berariazko tresnaz hornitutako osasun-zentro espezializatuetan jaso dezakete tratamendua. Epilepsia Unitate deritze eta ugaritzen ari dira, normalean ospitale handiei lotuta. Gure eremuan, Gurutzetako Ospitaleak badu halako unitate bat. Hala ere, Autonomia Erkidegoko ospitalerik handienetan kontsulta espezializatuak ere badaude.

Epilepsia diagnostikatu ostean, garrantzitsua da tratamendua lehenbailehen hastea. Ikerketek diotenez, baliteke sendagaiek eta tratamenduek arrakasta gutxiago izatea krisi epileptikoak eta horien ondorioak egonkortzen direnean.

Tratamendua eta eraginkortasuna

Espezialista gehienak bat datoz, epilepsiaren kontrako botika bidezko tratamenduari esker, epilepsia duten pazienteen erdiak baino gehiagok erabat kontrolatuta duela gaixotasuna eta pazienteen %20-30ek krisialdi gutxiago izaten dutela. Gainerakoek ez diete sendagaiei erantzuten. Horietako batzuek beste aukera batzuk ere probatu ditzakete.

Medikuntzako zenbait txostenek iradokitzen dutenaren arabera, epilepsia idiopatikoa duten pazienteen %75-80 inguruk krisialdien kontrol fidagarria eta epe luzerakoa dute gaur egungo sendagaiei esker. Gaixoei egindako galdeketa batzuek erakusten dutenez, ordea, krisialdiak izaten jarraitzen duten pertsona-kopurua handiagoa da. Emaitzak desberdinak dira hein batean galdeketen isuriagatik eta baita medikuek eta pazienteek ez dutelako berdin ulertzen krisialdien kontrol-maila.

Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko. Informazio gehiago